Bizkaia

EAJ-PNVk ohartarazi du EH Bilduren Udal Gobernuak geldirik dituela Ondarroarentzat funtsezkoak diren bi zerbitzu

Jeltzaleek kezka agertu dute Udal Gobernuaren kudeaketagatik, “norabiderik gabe, inprobisazioak eta bete gabeko konpromisoek markatuta”: Anexoko aparkalekua, 2026rako iragarritako proiektu nagusietako bat, oraindik lizitatu gabe dago; bitartean, herritarrak hondakinen tasa ordaintzen ari dira, nahiz eta hari lotutako zerbitzu berria oraindik ez dagoen erabat martxan.

EAJ-PNVk ohartarazi du EH Bilduren Udal Gobernuak geldirik dituela Ondarroarentzat funtsezkoak diren bi zerbitzu 18Irailak

ONDARROA
IrailaK 18ONDARROA

PARTEKATU

Ondarroako EAJ-PNVk azalpenak eskatu dizkio EH Bilduren Udal Gobernuari herriarentzat garrantzitsuak diren bi gairen atzerapenengatik: Anexoko aparkalekua eta hondakinen zerbitzu berria martxan jartzea. Jeltzaleen iritziz, bi kasuek agerian uzten dute gobernatzeko modu bat, “asko iragarri, are gehiago agindu baina gutxi gauzatu”.

"Ondarroak indarra, kudeatzeko gaitasuna eta arazoei irtenbidea emateko gogoa duen Gobernua behar du. Ez da nahikoa behin eta berriro zer egingo den azaltzea. Egin egin behar da, eta emandako hitza bete", adierazi dute EAJ-PNVtik.

Anexoko aparkalekua, iragarrita baina oraindik lizitatu gabe

EH Bilduk Anexoko aparkalekua 2026ko proiektu nagusietako bat bezala aurkeztu zuen. Jarduketak 250 aparkaleku inguru egitea, Zaldu errekaren ingurua lehengoratzea eta 2025eko urrian idatzitako proiektu teknikoa gauzatzea aurreikusten du. Proiektuak 989.684,56 euroko lizitazio aurrekontua du, BEZa barne, eta zortzi hilabeteko gauzatze epea.

"Proiektuaz aurrekontuetan, udal argitalpenetan eta iragarpen publikoetan hitz egin da, baina irailera iritsi gara eta obrak ez dira oraindik lizitatu ere egin. Non dago Anexoko aparkalekua? Zer gertatu da hilabete hauetan guztietan?", galdetu du EAJ-PNVk.

Jeltzaleek beharrezkotzat jotzen dute jarduketa hori, Ondarroak dituen aparkaleku arazoei erantzuteko, eta Udal Gobernuari eskatu diote argitu dezala zein izapide geratzen diren egiteko, obra noiz lizitatuko den eta benetan zer egutegi darabilen hura gauzatzeko.

Tasa kobratzen ari dira, baina hondakinen zerbitzu berria oraindik ez da iritsi

EAJ-PNVk gardentasuna ere eskatu du hondakinen zerbitzuaren inguruan. Lea-Artibaiko bilketa sistema berria 2026tik aurrera pixkanaka ezartzea aurreikusita zegoen, baina lehen kontratazio prozedura bertan behera geratu zen ekainean, eta lizitazio berria deitu behar izan zen, 1.670.984 euroko aurrekontuarekin, BEZa kanpo.

Jeltzaleek gogorarazi dute zerbitzuaren kostuaren igoera herritarrek ordaindu beharreko tasaren eragina justifikatzeko erabili dela, eta ezinbestean argitu beharreko galdera bat egin dute.

"Herritarrak zerbitzu berriaren kostuari lotutako tasa bat ordaintzen ari bagara dagoeneko, eta zerbitzu hori oraindik ez badago erabat martxan, Udalak argi eta garbi azaldu behar du zer ari garen ordaintzen eta zer egingo den diru horrekin".

EAJ-PNVk jakin nahi du aldi honetan zerbitzuak benetan zer kostu izan duen, sistema berria noiz egongo den erabat ezarrita eta Udalak kobratutako zenbatekoak berrikustea edo konpentsatzea aurreikusten duen, agindutako zerbitzua iragarritako baldintzetan eman ez bada.

EAJ-PNVren iritziz, bi kasuek Udalean dagoen arazo sakonago bat erakusten dute: itxaropenak sortzen dituen kudeaketa bat, baina gehiegitan itxaropen horiek emaitza bihurtzeko gai ez dena.

"Ondarroa gobernatzen hainbeste urte eman ondoren, EH Bilduk ezin du etengabe bihar egingo duenarekin bere burua zuritzen jarraitu. Gobernatzea planifikatzea, gauzatzea eta egindakoaren berri ematea da. Jendea nekatuta dago inoiz iristen ez diren iragarpenez eta amaigabe luzatzen diren proiektuez. Ondarroak propaganda gutxiago, kudeaketa gehiago eta kalean ikusten diren emaitzak merezi ditu", ondorioztatu du EAJ-PNVk.

Interesatu Zaitez

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!