Alderdi jeltzaleak azpimarratu du garrantzitsua dela Udaltzaingoa gertukoa izatea, koordinatua eta baliabide gehiago dituena herritarren lasaitasuna bermatzeko eta udalerriko bizikidetza hobetzeko.
01Ekainak Erandioko EAJ-PNVk positibotzat jo ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak argitaratutako datuak. Horien arabera, 2025ean Erandion erregistratutako delitu kopurua %10,45 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta.
Jeltzaleen ustez, bilakaera horrek “agerian uzten du erakundeen arteko koordinazioa, plangintza eta baliabide publikoen indartzea dagoenean emaitzak iristen direla”. Ildo horretan, EAJ-PNVk bereziki azpimarratu nahi izan du Erandioko Udaltzaingoak, Ertzaintzarekin batera, egindako lana, azken hilabeteetan kaleetan duen presentzia indartu baitu agente berriak gehituz eta gaueko zaintza indartuz.
“Datu hauen atzean eguneroko lan handia dago, prebentzioa eta herritarrengandik hurbil dagoen eta Ertzaintzarekin koordinatuta lan egiten duen udal poliziaren aldeko apustu argia. Udaltzaingoa funtsezko pieza izan da segurtasuna hobetzeko eta auzotarren kezkei erantzuteko”, adierazi dute EAJ-PNVtik.
Argitaratutako datuek delitu mota ezberdinen beherakada nabarmena erakusten dute, bereziki indarkeriazko lapurreten kasuan; izan ere, azken horiek izan dira herritarren kezka nagusietako bat udalerriko zenbait gunetan, eta bereziki Astrabuduko Sonora diskotekaren inguruan. EAJ-PNVren ustez, garrantzitsua da Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarlanean martxan jarritako dispositibo bereziak emaitza positiboak ematen ari direla eta auzotarren lasaitasuna hobetzen laguntzen dutela ikustea.
“EAJ-PNVren helburua argia izan da beti: Erandio bizitzeko eta lan egiteko udalerri segurua izatea nahi dugu, indarkeria matxistarik gabekoa, eta herritarrengandik hurbil dagoen udal polizia batekin. Segurtasuna gertutasunetik eta prebentziotik ere eraikitzen da”, nabarmendu dute jeltzaleek.
EAJ-PNVk gogorarazi du, gainera, herritarren segurtasuna ez ezik, bizikidetzaren eta gizarte kohesioaren hobekuntza ere Erandiorako duen proiektu politikoaren konpromisoen artean daudela, indarkeria mota oro —indarkeria matxista barne— irmoki gaitzestearekin batera.