Jeltzaleek salatu dute udal gobernuak oraindik ez duela 2025eko maiatzean aho batez adostutako segurtasun foroa deitu, eta “hitzetatik ekintzetara” pasatzeko eskatu dute.
01Ekainak Portugaleteko EAJ-PNVko Udal Taldeak Herritarren Segurtasunerako Mahaia “premiaz” deitzeko eskatu du azken osoko bilkuran. Duela urtebete aho batez onartutako organoa da, baina salatu dutenez, “ordutik ez da berririk izan”.
Ekimena EAJ-PNVk sustatu zuen 2025eko maiatzean, eta auzo-elkarteen, merkatarien, ostalarien, Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren eta udal-arduradunen arteko koordinazio-gune egonkor bat sortzea proposatzen zuen, herritarren segurtasunaren arloan informazioa partekatzeko, kezkak antzemateko eta hobekuntzak adosteko.
Jeltzaleen ustez, “ulertezina” da hamabi hilabete igaro ondoren udal gobernuak oraindik martxan jarri ez izana "bizikidetza indartzeko eta auzoetako kezkei modu koordinatuan erantzuteko funtsezkoa" den foro bat.
EAJ-PNVk gogorarazi du azken urtean behin eta berriz eskatu duela mahai hori abian jartzea, bai udal gobernuarekin izandako bileretan, bai udal batzordeetan. Gainera, neurri hori 2025eko azaroan aurkeztutako herritarren segurtasuna hobetzeko proposamen integralaren barruan ere txertatu du.
Gorka Kerejazu bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, “urtebete igaro da foro hau aho batez onartu zenetik, eta, hitz onez haratago, ez dugu benetako aurrerapausorik ikusi".
“Denbora nahikoa eta sobera igaro da. Udal gobernuak gelditasuna atzean utzi eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da”, amaitu du Kerejazuk.