Bizkaia

Ortuellako EAJ-PNVk eskerrak eman dizkio Saulo Nebredari Udalaren buru egindako urteetako konpromisoagatik

Alkateak iragarri du 2027ko udal hauteskundeetan ez duela berriro hautagaitza aurkeztuko eta legegintzaldia amaitu arte bere ardurari erabateko dedikazioz eutsiko diola.

Ortuellako EAJ-PNVk eskerrak eman dizkio Saulo Nebredari Udalaren buru egindako urteetako konpromisoagatik 21Irailak

ORTUELLA
IrailaK 21ORTUELLA

PARTEKATU

Ortuellako EAJ-PNVk bere aitortza eta esker ona adierazi dizkio gaur Saulo Nebredari, alkateak Ortuellako Batzokian egindako agerraldian jakinarazi ostean 2027ko udal hauteskundeetan ez duela berriro hautagaitza aurkeztuko. Nebredak Udalaren buru jarraituko du egungo legegintzaldia amaitu arte, 2013ko ekainean hasitako etapa osatuz.

Uri Batzarrak urte hauetan guztietan Nebredak erakutsitako dedikazioa eta Ortuellarekiko konpromisoa aitortu ditu, baita udal taldeekin, Uri Buru Batzarrekin eta etapa honetan ardura publikoak beren gain hartu dituzten pertsonekin batera egindako lana ere. Ortuellako EAJ-PNVk, halaber, herriko elkarte-sarearekin eta herritarrekin izan duen gertutasuna nabarmendu du.

Nebredaren agintaldietan, Ortuellak aurrerapausoak eman ditu hainbat arlotan, besteak beste, hiri-birgaitzean eta berroneratzean, kirol-instalazioen hobekuntzan, udal zerbitzuen indartzean eta etxebizitza babestuaren sustapenean. Azken arlo horretan, babes ofizialeko 86 etxebizitza entregatu dira eta beste 90 esleitu, eta, horrekin batera, gazteei etxebizitza eskuratzeko aukera errazteko irtenbide berriak bultzatu dira.

Alderdi jeltzaleak, halaber, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren (HAPO) tramitazioan egindako aurrerapausoa jarri du balioan. Plan berriak 1985etik indarrean dagoen hirigintza-plangintza ordezkatuko du. Urteetako lanaren eta izapideen ostean, dokumentuak behin-behineko onespena jaso du eta behin betiko onarpenaren zain dago. Udalerriaren etorkizuna antolatzeko eta datozen urteetarako aukera berriak bideratzeko funtsezko tresna izango da.

Bere agerraldian, Nebredak urte hauetan guztietan jasotako konfiantza eskertu du. “Ohore handia izan da jaio, hazi eta familia osatu dudan herriko alkate izatea. Une hori iristen denean, urte asko izango dira lanean, erabakiak hartzen, proiektuak garatzen eta ikasten emandakoak; baina, batez ere, Ortuellako herritarrekin partekatutako urte asko izango dira”, adierazi du.

Alkateak EAJ-PNVri, urteotan bere taldeetako kide izan diren pertsonei, Uri Buru Batzarrei, Udalbatzari, familiari eta herritar guztiei ere helarazi die bere esker ona. “Urte hauetan lortutako ezer ez da pertsona bakar baten lanaren emaitza. Alkate izatea, batez ere, herritarrengandik gertu egotea da: haien arazoak, proposamenak eta kritikak entzutea”, adierazi du.

Nebredak legegintzaldiaren azken txanpari 2013an Alkatetza hartu zuenean erakutsitako dedikazio berarekin egingo dio aurre. “Alkate izateari utziko diot, baina Ortuellan jarraituko dut, nire herriaren alde lan egiten. Hemen dago nire bizitza eta hemen jarraituko dut, ahal dudan guztietan laguntzeko eta nire ekarpena egiteko prest egongo naiz”, amaitu du.

Interesatu Zaitez

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!