Jeltzaleek adierazi dute urtebete luzez ezkutatu dela geotermia sistemaren benetako egoera, eta azalpenak eskatu dituzte matxurak Udalaren energia-kostuan izan duen eragin ekonomikoari buruz.
29Uztailak Portugaleteko EAJ-PNV Udal Taldeak salatu du gardentasun falta egon dela Pando Aisiako geotermia sistemaren matxuraren kudeaketan. Horregatik, azalpenak eskatu ditu sistema hori urtebete baino gehiagoz zerbitzuz kanpo egoteak Udalaren gasaren eta elektrizitatearen fakturan izan duen eragin ekonomikoari buruz.
Pando Aisia inauguratu zenean, geotermia sistema azpiegitura estrategikotzat aurkeztu zen. Energia berriztagarriaren bidez kiroldegiaren klimatizazioaren heren bat hornitzeko gaitasuna izango zuela eta, urtean, 200 tona CO₂ isurtzea saihestuko zuela nabarmendu zen. Hala ere, 2025eko maiatzean izandako matxuraren ondorioz, sistema zerbitzuz kanpo dago ordutik.
Sistema horrek, besteak beste, 125 metroko sakoneran zenbait hodi ditu lurpeko tenperatura aprobetxatzeko. Baldintza normaletan, instalazioaren klimatizazioaren heren bat elikatzen du, baina gaur egun bestelako energia iturriak erabiltzen ari dira haren ordez, matxuraren ondorioz.
EAJ-PNVk gai honen jarraipen estua egin du azken hilabeteotan, bai Udal batzordeetan bai eta DEMUPORSA Udal sozietatearen kontseiluetan ere. Bertan, behin eta berriz eskatu du matxuraren egoerari eta ordezko energia sistemak erabiltzeak izango duen kostu ekonomikoari buruzko informazioa.
Hala ere, 2026ko ekainaren 22an egindako DEMUPORSAren azken kontseilura arte ez zen egoeraren benetako irismena azaltzen zuen txosten teknikoa aurkeztu. Txosten hori 2025eko apirilaren 3koa da, baina matxura gertatu eta urtebete baino gehiago igaro ondoren eman zaie Udal taldeei.
Dokumentuak jasotzen duenez, matxuraren jatorria lurrungailuan eta kondentsadorean izandako hausturetan dago, partikula solidoen sarrera saihestuko zuen iragazki baten faltaren ondorioz. Gainera, sei putzuetatik hiruk arazoak dituzte, eta horietako bat behin betiko erabiltezin geratuko da. Matxura konpontzeko, hasieran, 20.000 euro beharko zirela adierazi bazen ere, azkenean 92.000 euroko inbertsioa izango dela salatu du EAJ-PNVk.
Gorka Kerejazu EAJ-PNVren bozeramailearen hitzetan, "gardentasun falta nabarmena antzematen dugu gobernu taldearen aldetik gai honen kudeaketan. Hasieran arazoa putzuetara mugatzen zela esan ziguten eta, gero, jakin dugu matxurak geotermia sistemaren funtsezko beste elementu batzuei ere eragiten diela. Horren berri ez zaigu orain arte eman. Gainera, izugarri handitu da konponketarako aurreikusten den gastua eta hori aurreikuspen-akats larria da”.
Horrekin batera, EAJ-PNVk gogorarazi du, gaur-gaurkoz, ez dela ezagutzen geotermia sistema erabilgarri ez egoteak Udalaren energia gastuan izan duen benetako eragin ekonomikoa, eta informazio hori lehenbailehen ematea eskatu du.
Jeltzaleen ustez, Udal gobernuak informazioa osatuta, eguneratuta eta garaiz helarazi behar zien Udal taldeei, eta ez da horrela izan.
EAJ-PNVk berretsi du Udal kudeaketaren gaineko kontrol lana egiten jarraituko duela, gardentasuna, erantzukizuna eta baliabide publikoen kudeaketa arduratsua bermatzeko helburuarekin.