Kongresuan erregistratutako ekimena mozio bidez eramango da Udaletara, proposamen zehatz batekin: salgaien trafikoari euskal Y trenbidetik Jundizeraino eta penintsulako mesetaraino jarraipena ematea, udalerriak zeharkatzen dituzten ohiko trenbide sare konbentzionaletan pilatu beharrean.
30Uztailak Arrigorriaga, Arrankudiaga-Zollo, Basauri, Ugao-Miraballes, Urduña eta Zeberioko EAJ-PNVren Udal erakundeek ekimen bateratua bultzatu dute, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea abian jartzeak eskualdeko hiriguneetatik igarotzen den salgaien tren-trafikoa nabarmen areagotzea eragotzi asmoz.
Ekimenaren helburua da salgaien ahalik eta bolumen handiena euskal Y trenbidearen bidez bideratzea eta Jundizetik aurrera, penintsulako meseta aldera, Europako zabalerako jarraipena bermatzea. Proposamena Udaletan mozio bidez aurkezten ari da, eta EAJ-PNV Euskal Taldeak Diputatuen Kongresuan ere erregistratu du.
EH Bilduk proposamen honen aurka bozkatu du Zaratamoko, Ugao-Miraballesko, Arrankudiaga-Zolloko eta Urduñako udaletan. Hala, baztertu egin du euskal Y trenbidea erabiltzearen aldeko alternatiba, salgaien trenek Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko hiriguneak zeharkatzeari uzteko eta herritarrek jasaten dituzten eragin kaltegarriak murrizteko.
Udal erakundeetako ordezkariak Madrilera joan ziren ekimena aurkeztera eta babestera, EAJ-PNV Euskal Taldearekin batera. Ekimen koordinatu honen bidez, Nerbioi-Ibaizabaleko EAJ-PNVk alternatiba bat nahi du erakundeen agendetan sartu; Bilboko Portuaren jarduera eta egoerak eragiten dien udalerrien bizi-kalitatea uztartuko dituen alternatiba.
Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen bigarren faseak Bilboko Portutik datozen trenentzako bi lotura aurreikusten ditu: bata, Europako zabalerako salgaien trafikoa euskal Y trenbidearekin lotzeko; eta bestea, Bilbo-Casetas trenbide sare konbentzionalaren bidez, zabalera iberikoko garraioetarako. Azken aukera horrek C-3 lineako salgaien tren-trafikoa ia hirukoiztuko luke Arrigorriaga, Ugao-Miraballes, Arrankudiaga-Zollo eta Urduña bezalako udalerrietatik igarotzean.
EAJ-PNVren ustez, arazoaren jatorrian jardun behar da: salgaiek Jundizen abiadura handiko sarea utzi eta ohiko trenbide sareetatik ibiltzen jarraitu behar izatea saihestu behar da. Euskal Y trenbidea trafiko mistoko azpiegitura gisa diseinatu zen, Europako zabalerako bidaiari zein salgaien trenak hartzeko prestatuta. Hala ere, ahalmen hori guztiz baliatzeko, ezinbestekoa da Jundizetik aurrera Korridore Atlantikoaren Europako zabalerako jarraipena bermatzea, Miranda de Ebro, Burgos eta penintsulako meseta aldera.
Ekimenen honen bidez, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio jarraipen hori Europako trenbidearen zabalerarekin egitea ahalbidetuko duen irtenbide teknikorik egokiena sustatzeko. Eta aztertzen ari diren aukeren artean hirugarren hari bat ezartzea ere badago, egungo bideetako bat egokitzea edo zabalera desberdinetako sareetan ibiltzea ahalbidetzen duten sistemak erabiltzea.
EAJ-PNVren proposamenari esker, merkantzia trenak herrietatik pasatzeari utziko liokete, abiadura handiko sarea aprobetxatzean. EH Bilduk alternatiba horren aurka egin du, eta bideragarria ez den proposamen bat defendatzen jarraitzen du, tren-zirkulazioa herriguneak zeharkatuz mantentzen duena eta haren eraginak arintzeko neurriak planteatzera mugatzen dena, arazoa errotik konpondu gabe.
Planteamendu horren aurrean, egungo tren-lineetan merkantzien garraioa mantentzen duten alternatibek obra berriak eskatzen dituzte, puntu jakin batzuetan dituzten eraginak murrizteko. Jarduera horiek eragin batzuk arindu ditzakete, baina ez lukete eragotziko merkantzia-trenek udalerriak zeharkatzen jarraitzea.
EAJ-PNVren iritziz, lehentasuna izan behar da salgaiak pixkanaka hiri-korridoreetatik abiadura handiko trenbidera lekualdatzea, bizitegi-inguruneetatik erabat desagertu arte. Helburua ez da zarata eta bibrazioak murriztea soilik, baizik eta arazoaren jatorria ezabatzea, salgaien trenak hiriguneetatik ateraz.
Korridore Atlantikoaren Europako zabalerako jarraipena osatzen den bitartean, legez besteko proposamenak berehalako neurri-plan bat ere eskatzen du, herritarrak zaratengandik eta bibrazioengandik babesteko, trenbidearen hiri-integrazioa hobetzeko eta Aldiriko zerbitzuaren kalitatea bermatzeko.
Horrela, EAJ-PNVk defendatzen duen irtenbideak aukera ematen du salgaien trenbide-garraioa sustatzeko, Bilboko Portuaren eta euskal industriaren lehiakortasuna indartzeko eta, aldi berean, Nerbioi-Ibaizabaleko herritarren bizi-kalitatea babesteko.